#maiatzekoliburua: Bizitzea ez al da oso arriskutsua?

Zer da Elegose irakurle taldea?

  • Fedibertsoan elkartzen den irakurketa talde irekia.
  • Hilero euskarazko liburu bat hautatu, irakurri eta komentatzen dugu.

#Maiatzeko liburua: Bizitzea ez al da oso arriskutsua?

Goazen ba Elegoserentzat egiten dudan laugarren “kritika” literarioarekin! Hasi baino lehen esan beharra dut nik eskuarki liburuak liburutegi publikoetatik hartu ohi ditudala eta oraingoan ere hala egin badut ere liburu erdia irakurria nuenean , hainbat pasartetan azpimarratzeko beharra sentitu dut eta etorkizunean berriro ere irakurtzeko gogoa izango dudala uste dudanez, liburu-dendara joan naiz zuzenean nire alea erostera!

Zer da gustatu zaidana?

– Estetika aldetik Pamielak egindako edizioa oso txukuna iruditu zait. Irakurtzeko erraza, argazki eta marrazkiak ere baditu gaukariak bere baitan eta oin oharrak bilatzeko ere nahiko erraz egiten da. Aurkibide onomastikoak ere asko laguntzen du!
– Gaukari formatua irakurtzeko polita dela uste dut, paragrafoak birritan irakurtzea ahalbidetzen du, lasaitasunez hartuz. Sarrionandiaren hausnarketak ez dira luzeak usaian eta batetik bestera salto handiak egon arren beti dute halako loturaren bat, bai atalarekin, bai hilabeteko egunarekin.
– Idatzi motzak dira eta batzuk azalekoak izan arren beste batzuk sakonera handikoak dira, hala nola “Gauzak kontatzeaz”, “Indarreren ideologia”, “Atalaseak” “Egin ala izan” … irakurtzea merezi dute.
– Definizio moduko esalditxoak ere oso gustuko ditut:
“Literatura: Norberaren baitan errefuxiatutako mamuak beste batzuen barrura pasarazteko ahalegina da literatura”
– Politika eta bereziki kolonialismoari buruzko gogoetak, Latinoamerikako kondaira eta ikuspuntuak ere biziki eskertu ditut.

Zer da gustatu ez zaidana?
– Oin oharrak gehiegitxo izan daitezke, lehen esan bezala nahiko erraz aurkitzen dira, baina batzuetan ez dute informazio gehiegirik eskaintzen, irakurketa pixka bat motelduz.
– Itzulpenak ere eskaintzen dizkigu Sarrionandiak, baina ez dakit hobe izango litzatekeen idatzitako hizkuntzan uztea… ez da erreza poesia itzultzea!
– Beste autore batzuek, beste hizkuntzatan idatzitakoak ere ekartzen dizkigu liburura, baina ez dutela gaukariaren puzzlea hain ondo betetzen dirudit.
– Beste irakurleen kritikak irakurtzeko, jarrai ezazu #maiatzekoliburua traola eta iritziak irakurtzeko: https://mastodon.eus/tags/maiatzekoliburua

Anuncios

#otsailekoliburua: Azala erre

Zer da Elegose irakurle taldea?

  • Fedibertsoan elkartzen den irakurketa talde irekia.
  • Hilero euskarazko liburu bat hautatu, irakurri eta komentatzen dugu.

#otsailekoliburua: Azala erre

Elegoserentzat egindako lehenengo “kritika” literarioa; idazlearen lana baloratu gabe, niri sortu dizkidan sentsazioen menpe.

Zer da gustatu zaidana?
Flashback eta istorioa zatika kontatzeko intentzioa, kapitulu motzekin erraz irakurtzekoa.
– Miren gustatu zait pertsonaia bezala, eta egungo gizartearen islada erreala ematen duela iruditzen zait.
Zer da ez zaidana gustatu?
– Istorioa gehienbat Mirenen ikuspuntutik egindakoa da. Agian flashback horiek beste pertsonaiei indar gehiago emateko erabil zitezkeen.
– Miren ezagutu dugu, baina beste pertsonaiak oso lauso gelditu dira batzuetan izenik ere jarri gabe apropos, besteetan motz nire ustez. Idazlearen erabakiz izango zen!
– Lekuen deskribapenak ez nau inoiz lekuan bertan sartu. Donostiako zatia ezagututa ere, nire imajinazioak ez du lortu kale bazter, eraikin handi edo hondartzen indarra hartzea. Berdin azal-erre bidaiarekin. Nik uste garrantzizko bidai honetan inguruko paisai, herri, pertsonen deskribapenetan murgildu beharko gintuela; ni behintzat ez naiz murgildu….
– Mirenen hausnarketak. Batzuetan beharrezkoak bere izaera ezagutzeko baina beste batzuetan luzeegi eta datu edo ekarpenik gabekoak iruditu zaizkit.

Istorioa ona iruditu zait, baina arteari buruzko gogoeta edo/facebook garaiko kritika bat espero nuen, aurkezpenak zioenari jarraiki eta ez dakit asetu nauen. Istorioa pixka bat gehiago korapilatuagoa izatea eskertuko nuke, jeje, pertsonalki gorakada-beherakada horiek eskertzen ditut.
Eta amaiera…ba tira ondo, baina niri gehiagorako gogoa utzi dit!

Beste irakurleen kritikak irakurtzeko, jarrai ezazu #otsailekoliburua traola!
https://mastodon.eus/tags/otsailekoliburua